Emanaldi Motak

Iruña Taldeko dantzari zein musikariek emanaldi ezberdinak prestatzen dituzte, tokian tokiko beharretara edo momentuko ospakizunetara moldatuz.
DANTZA TALDEA
1.                  Iraupen ezberdineko dantza eta musika emanaldiak.
Amezketa 2006
Taldeak iraupen ezberdineko emanaldiak eskaintzen eta egiten ditu urtean zehar. Emanaldi hauen luzera ordu beterainokoak izan daitezke. Bertan Euskal Herri osoko dantzak erakusten ditu, tokian tokiko jantziak erabiliz eta dantza bakoitzean jatorrizko musika tresnak erabiliz. 35 lagun inguruk parte hartzen du honelako emanaldietan, dantzariak, fanfarrea, gaiteroak, txistulariak eta txalapartariak kontuan hartuz. Orokorrean herriko plazetan ematen diren emanaldiak izaten dira.




Baztandarren Biltzarra 2011
2.                  Kalejirak.
Zenbait kasutan ospakizuna ez dago puntu bakar batean kokaturik edo festa ibiltari bat da. Holakoetan dantza taldeak kalejira moduko emanaldiak egiten ditu. Fanfarreak lagunduta dantzariek ibilbide bat egiten dute dantzan, eta ibilbidean zehar zenbait geldiune egiten ditu dantza ezberdinak eskaintzeko. Emanaldi hauek oso aproposak dira inauterietako kabalkadetarako, Olentzeroetako ibilbidetarako, nahiz herrietan errondak egiteko.
3.                  Espektakuluak.
Orokorrean toki itxietan emateko emanaldiak dira, hala nola frontoietan, antzokietan, auditorioetan etab. Emanaldi hauek argi eta soinu ekipoz lagunduta izaten dira. Dantza tradizionala eta dantzen arteko moldaketak ikusteko aukera izaten da holakoetan. Iruña Taldeak bere historian zehar bi espektakulu garrantzitsu sortu ditu: Ikusi al duk? eta Xakutin.
FANFARREA
5.                  Kalejirak edo musika kalean.
Dudarik gabe fanfarreak gehien egiten duen emanaldi mota da hau. Herriko festak, bailarako eguna, inauteriak, errondak eta edozein motatako ospakizunetan kaleak alaitzen musika eskainiz aritzen da gure fanfarrea.
6.                  Fanfarre kontzertua.
Gure folkloreak jakin izan du musika errepertorio zabala sortzen eta guzti horien artean badira oso pieza bereziak, hunkigarriak eta edertasun handikoak. Horietatik aukeraketa dotore bat egin eta fanfarreak leku itxietan emateko emanaldiak prestaturik dauzka. Euskal Herri osoko piezak eskainiz eta instrumentuen arteko taldekatze bereziak egitez. Emanaldi hauetan fanfarrea bere osotasunean entzuteaz gain, txistu taldea, alboka edo soinu txikia entzun dezakegu fanfarrearekin batera jotzen.
7.                  Bazkalondokoak/afalondokoak.
Euskaldunok beti izan dugu kantatzeko zaletasuna eta hau oso agerian gelditzen da lagunarteko edozein bazkari zein afari ostean, mahai inguruan kafea zein kopa hartzen den bitartean espontaneoki sortzen diren kantaldi hunkigarrietan. Hauek laguntzeko modurik egokiena fanfarre bat izan daiteke dudarik gabe eta arratsaldea edo gaua nahi adina luzatu daiteke sortzen den giro ederrak lagunduta, batzuetan konturatu ere egin gabe.
8.                  Bertako instrumentuen emanaldia.
Euskal Herriak oso folklore aberatsa duela ezin uka daiteke eta bertako biztanleek maitasun handiz gordetzen jakin izan dute guregana antzinatik heldu diren jatorrizko instrumentuak, alboka, txalaparta edo txanbela kasu. Batzuk bidetik galdu dira edo jadanik erabili izan ziren testigantza soilik daukagu eta beste batzuk, nahiz eta kanpotik etorri izan diren, beren ezaugarriak direla eta, berehala bertako musikara egokitu eta jatorrizkotzat hartu izan dira soinu txikia (trikitixa) kasu. Emanaldi hauetan Iruña Taldeak eskaintzen duena instrumentu guzti hauekin jotako musikaren erakusgarri bat da. Bertan Nafarroako gaita, txanbela, txirula, ttun ttuna, alboka, soinu txikia edo trikitixa, panderoa, txistua, txalaparta … ikusteko parada dauka ikusleak.